Ainara Hernandez eta Ainhoa Iruretagoiena gara, Eleginen sortzaileak. Euskara zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa gazte eta dinamikoa gara, sektorearen ezagutza sakona eta euskararekiko eta kulturarekiko sentsibilizazioa dituena.
Ainarak Euskal Ikasketetako gradua ikasi zuen, gero hizkuntza plangintza graduondokoa egin zuen eta gaur egun irakasle masterra burutzen ari da. Pertsona metodikoa, konstantea eta zorrotza da lanean, enpresa bide zuzenetik eramaten laguntzen du. Hala ere, ez daki ixilik egoten, saltsa guztietan sartzea gustatzen zaio.
Ainhoak Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradua egin zuen eta gero Iraunkortasunerako Lidergotzan eta Aldaketaren Kudeaketan Eragiteko Masterra egin zuen. Pertsona kreatiboa da bai lanean, bai egunerokotasunean. Enpresari kolorea ematen dio eta gure marka pertsonala sortzeko gakoa da. Horrez gain, zenbakien artean ibiltzea gustatzen zaio.
Aurreko lanean ezagutu ginen elkar eta betidanik izan dugu konexio berezi bat lan egiterako orduan eta ezberdinak izanik, osagarriak gara.
Nola hasi zen proiektua?
Betidanik izan dugu euskararekiko sentsibilizazioa, gure egunerokotasuneko hizkuntza eta ama hizkuntza baita.
Beste enpresa batean lanean ezagutu genuen elkar. Hasieratik gure harremana ona izan da, elkarrekin gustura egiten genuen lana; baina hainbat egoerengatik gurea den zerbait egitea pentsatu genuen. Berehala hasi ginen informatzen, enpresa nola sortu, bideragarria zen edo ez ikusi... Lana utzi eta bi astetara Elegin sortu genuen.
Zertan datza?
Gure helburua: gizarteko alor ezberdinetan euskara sustatzea da. Pertsona partikularrentzat zein juridikoentzat eskaintzen ditugu zerbitzuak.
Pertsonei euskara hobetzeko edo ikasteko klaseak eskaintzen dizkiegu online. Hala ere, batez ere enpresetan, elkarteetan, ikastetxeetan eta entitateetan zentratzen gara, hauek zerbitzua edo produktua euskaraz eskaini ahal izateko eta langileek lana euskaraz egiteko aukera izateko. Bakoitzaren beharren eta bezero motaren arabera ekintza soilak (itzulpenak, ikastaroak...), urteko planak eta 3-5 urteko estrategiak eskaintzen ditugu.
Guretzat garrantzitsuena bezeroek euskara txertatzeko egiten duten esfortzua da. Horregatik, prozesua ahalik eta sinpleena eta errazena izaten saiatzen gara.
Zergatik erabaki zenuten ekitea eta berriro egingo zenukete?
Biok betidanik eduki dugu sentsazio edo gogo hori zerbait ekiteko. Lanean ari ginela gogo hori handituz joan da. Ekintzailetzarako grina ez zen ezerezetik sortu, puntu horretara eraman gintuzten motiboen, egoeren eta esperientzia partekatuen pilaketaren emaitza izan zen. Elkarrekin bizi izan ditugun emozioek bultzatu gaituzte erabaki hori hartzera.
Erabaki bat hartzeko unea iritsi zenean konturatu ginen bi aukera nagusi genituela: beste enpresa batzuentzat lan egitea edo gurea sortzeko abenturari ekitea. Biok geunden ziur zer nahi genuen, eta agian are garrantzitsuagoa, zer ez genuen nahi. Jauzia eman eta Elegin Euskara Zerbitzua sortzea aukeratu genuen, gure enpresa. Bagenekien hasiera zaila izango zela, dena berria baitzen guretzat, baina prest geunden erronkei ausardiaz eta gogotsu aurre egiteko.
Hasierako zailtasunak eta bidean aurkitzen ditugun oztopoak gorabehera, ez dugu zalantzarik erabaki bera hartuko genukeela behin eta berriz. Ekintzailetzak aukera eman digu gure ideiei bizia emateko, maite dugun horretan lan egiteko eta komunitatean eragina izateko.
Zer eskaintzen duzue?
Ondorengo zerbitzu hauek eskaintzen ditugu: euskara planak, aholkularitza, itzulpenak, euskara ikastaroak, etengabeko jarraipena, dirulaguntzen kudeaketa ... Gure filosofia zerbitzu hurbil eta pertsonalizatuan oinarritzen da, bezero bakoitzaren beharretara egokituz.
Zeintzuk dira zuen proiektuaren onurak?
1. Balio erantsia: Euskarak merkatuan beste enpresa batzuetatik bereizten eta nabarmentzen laguntzen du. 2. Merkatua zabaldu: Zerbitzuak euskaraz eskaintzean, enpresa merkatu zabalago eta anitzago batean sar daiteke. 3. Integrazioa bultzatu: Euskaraz hitz egiterakoan erosoago sentitzen direnekin harremanak hurbilagoak izaten laguntzen du. 4. Talentua mantendu: Enpresek talentua erakartzeko eta mantentzeko aukera gehiago dituzte, euskararen erabilera baloratzen eta sustatzen duen lan-ingurune inklusiboa eskaintzen baitute. 5. Konpromiso soziala: Konpromiso soziala da euskara enpresan txertatzea, hizkuntza ofizial bat da eta askoren eguneroko hizkuntza. 6. Langileen motibazioa: Euskal langileen motibazioa hazi egiten da beren ama-hizkuntzan komunikatzeko aukera dutelako, eta horrek laneko gogobetetasuna eta produktibitatea areagotzen ditu. 7. Networking enpresariala: Euskara bere estrategiaren parte den beste enpresa batzuk ezagutu eta lotura baliotsuak sortzen laguntzen du.
Zer aholku emango zenieke etorkizuneko ekintzaileei?
Ekintzaile izateko gauzarik garrantzitsuena ideia argi bat izatea da, hori behin eta berriz aztertzea eta behar bezala planifikatzea.
Norberarenganako konfiantza da edozein ekintzailetza arrakastatsu eraikitzeko beste oinarrietako bat. Norberaren trebetasunetan eta gaitasunetan sinestea funtsezkoa da ziurgabetasun eta zalantza garaietan tinko irauteko.
Azkenik, egoera berean dauden ekintzaileekin eta gertukoekin norberaren egoera eta prozesua partekatzea gomendatzen dugu.
Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika.
You have declined cookies. This decision can be reversed.
You have allowed cookies to be placed on your computer. This decision can be reversed.
Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika.