Izaskun Larrañaga Friasek, LACOR-IBILI Taldeko kontseilari delegatuak, 2023 ASPEGI saria jaso du Enpresari kategorian, eta Leire Etxetxikia Etxebestek, DHL Parcel Iberiako Espainiako eta Portugalerako Eragiketen Zuzendari Nagusia, Zuzendaritza/Profesional kategorian.
Sariak emateko ekitaldia otsailaren 23an izango da, 18:30ean, Donostiako Aquariumean.
ASPEGI Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak emakumeek gure lurraldean enpresa eta lanbide arloan egiten duten lana aitortu du sari hauekin.
Erakunde, unibertsitate eta enpresa babesle eta laguntzaile nagusien ordezkariek osatutako epaimahaiak, aurkeztutako hautagaien artean otsailaren 23an 2023 ASPEGI sariak jasoko dituzten bi emakumeak aukeratu ditu.
Sari hauen helburua emakumeek arlo ekonomikoan egiten duten ekarpena aitortzea da, eta, horrekin batera, Gipuzkoako zuzendarien, profesionalen eta enpresarien lan-errealitatea agerian uztea, gure lurraldeko enpresa- eta lanbide-ingurunean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun handiagoa sustatzeko, eta jarduera ekonomiko eta profesional errentagarriak, lehiakorrak eta berritzaileak garatu daitezkeela erakustea, aukera-berdintasunetik jardunez.
2023ko sariekin, ASPEGIk dei egin dio gizarteari berdintasunean murgiltzeko, eta Gipuzkoan emakume enpresaburuek, zuzendariek eta profesionalek egindako lana aintzatesteko eta balioesteko.
Epaimahaiak aukera-berdintasuna sustatzen duten jarduerak aitortu ditu, baita lurraldeari aberastasun sozial eta ekonomikoa ematen diotenak ere. Berrikuntzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua, egokitzeko gaitasuna eta hautagaien ezagutzak eguneratzea ere baloratu dira.
Enpresaburu saria: Izaskun Larrañaga Frías, LACOR-IBILI Taldeko kontseilari delegatua
Izaskun Larrañaga Frías Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean Nazioarteko Kudeaketan Masterra (Donostiako campusa) eta Informatikako ingeniari teknikoa Mondragon Unibertsitatean.
LACOR-IBILI familia-taldean egin du ibilbide-profesional osoa. 15 urte baino gehiagoko lan-esperientzian, estrategia-lanak egin ditu merkataritzaren, marketinaren eta salmentaren esparruan. Aldi berean, merkatuak garatu ditu ingurune fisiko eta digitalean. Gaur egun, konpainiako kontseilari delegatuaren lanak egiten ditu.
LACOR-IBILI Taldeak 80 urte baino gehiagoko historia du, eta sukaldaritzako ekipamenduaz arduratzen da, bai esparru profesionalean, bai etxean, merkatuko liderrak izanik LACOR eta IBILI marken bitartez. Duela gutxi, Urteko Enpresa gisa saritu du Gipuzkoako Merkataritza Ganberak.
Zuzendaritza/Profesional saria: Leire Etxetxikia Etxebeste, DHL Parcel Iberiako Espainia eta Portugalerako Eragiketen Zuzendari Nagusia
Donostiako Ingeniarien Goi Eskolako (Nafarroako Unibertsitatea) Industria Ingeniaria da, eta 2021ean Madrilgo IESE Business School-en “Mujeres en Consejos de Administración”-en ikasi zuen.
Leire Etxetxikia Etxebeste DHL Parcel Iberia enpresaren Espainiako eta Portugalerako Eragiketen Zuzendari Nagusia da. Enpresa honek Miramongo Parke Donostiarrean du egoitza nagusia, eta logistikaren industrian munduko liderra den DPDHL nazioarteko enpresaren parte da. Enpresaren jarduera salgaiak Espainian eta Portugalen garraiatzea eta banatzea da.
Leirek logistikaren sektorean egin du ibilbide profesional osoa. 1998ko otsailean hasi zen lanean, duela 25 urte, kalitatezko ingeniari gisa. Erakundea DPDHL Taldean sartu ondoren, DHL Expressen Negozioa eta Ondarea Garatzeko zuzendari izendatu zuten. 2017an, Eragiketa Nagusiaren saileko zuzendaritzaren erronka hartu zuen, DHLko e-Commerce Solutions dibisioan, gaur egun betetzen duen postuan. 2003.urtetik Zuzendaritza Batzordeko kide da eta erronka ugari eta askotarikoei aurre egin behar izan dio.
DHL Parcel Iberiak azpiegitura garrantzitsua du: 60 zentro operatibo baino gehiago ditu Espainian eta Portugalen, 2.800 Servicepoints eta 3.000 ibilgailu guztira, bilketa eta banaketakoak zein ibilbide luzekoak barne. Guztira, DHL Parcel Iberiak 1.800 langile baino gehiago ditu Espainian eta Portugalen.
Bazkide bihurtu zaitez!
ASPEGIko bazkide izatearen onurak.
Erakunde kolaboratzaileak
Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika.
You have declined cookies. This decision can be reversed.
You have allowed cookies to be placed on your computer. This decision can be reversed.
Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika.