Langileak euren enpresetako erabakigunetara hurbildu partaidetza sustatuz eta, bide honetatik, enpresako erabakiguneak lurraldean sustraitu. Ideia honi jarraiki eraiki du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak langileek enpresan parte hartzea bultzatzeko Foru Arau proiektua.
Neurria Ekonomia Suspertzeko Planaren markoan kokatzen da.Foru Arau proiektua gaur jarriko da jendaurrean, eta hilabetez egongo da esekita. Ondoren Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso beharko du eta, uda ostean, Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko da. Onartzen denean atzeraeraginezko izaerarekin jarriko da indarrean, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Larrañaga Diputatu jaunak ekonomia sustapena jarri zuen agertokian, hau baita legealdi honetan Foru Aldundiarentzat “lehentasun osoa” duen esparrua. “Ekonomia sustapena aberastasun eta kalitatezko enplegu sortzaile gisa, gure ongizate mailari eutsi eta zerbitzu publikoak jasangarri egiteko baliabideak lortzeko iturri modura, gizarte ezberdintasuna murrizteko erremintak eskura jarriko dizkiguna”, azpimarratu du. Zentzu honetan, Foru Arau proiektuaren xedea “enpresak lurraldean errotzea” dela esan du. Ekitaldian Larrañaga jaunaz gain, Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politikako zuzendaria eta Miren Elgarresta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak ere parte hartu dute.
Proiektuak enpresari saltzaile zein enpresako langileentzat erakargarri egin nahi du eskualdatzearen bidea, PFEZean zentzu honetako aldaketak txertatuz. Zabala zuzendariak azaldu duenez, eta transmititzen duenaren ikuspuntutik, adin muga jaitsiko da 65 urtetik 60ra, eta salmentatik eratorritako irabaziak salbuetsita egoten jarraituko da PFEZaren ondare irabazian (kanpoko erosle bati saltzean ez bezala). Enpresako langile guztiei aurretiazko eskaintza egiteko beharkizuna ere ezabatu egiten da, Zabalak azaldu duenez, orain arte mota honetako eskualdatzeentzat oztopo baitzen, eta langileek osatutako enpresa bati saltzea ere posible izango da Foru Arau proiektuan jasota dagoenez. Langileentzat, bere aldetik, %15eko kenkaria ezartzen da kuotan, eta urteko muga 1.500 eurokoa izango da gizonen kasuan, 2.000 eurokoa emakumeenean. Muga gainditu izanagatik edota kuota osoa txikiegia delako kendu ez diren kantitateak hurrengo lau ekitaldietan erabili ahal izango dira, 6.000 euroko muga arte gizonezkoen kasuan eta 8.000 arte emakumeenean. Epeei dagokionez, langileek salmentaren aurreko bost urtetatik gutxienez hirutan jardunda izan beharko dute enpresan lanean, eskualdatzearen ostean, akzio edo partaidetzak hurrengo bost urtetan mantendu beharko dituzte.
Genero ikuspegia Elgarrestak, bere aldetik, legedian emakumezkoentzako neurri positiboak txertatzea enpresa munduan bizi den “genero desberdintasun errealitateari” erantzuna emateko nahiak bultzatu duela nabarmendu zuen. Zuzendariak neurri hau “aitzindaria” dela azpimarratu du, “ez baitugu gure inguruan horrelako erreferentziarik”, baina legedia indarrean sartu ostean “jarraipen zorrotza” egingo dutela esan du, erabakia eraginkorra den ala ez ikusteko. “Ez da itxurakeriazko erabaki bat, aldaketa kualitatibo garrantzitsua da. Kudeaketa Plan Estrategikoan konpromisoa jaso genuen eta, orain, neurri zehatzekin konpromiso horri bidea egiten ari gara”, azaldu du Elgarrestak. “Ekonomia sustapena helburua izanik, langileek enpresan parte hartzea sustatzen duen ekimen berria hankamotz geratuko litzateke errealitatea bere osotasunean hartuko ez balu, eta errealitate horren ezaugarrietako bat da gaur egun gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna”, adierazi du Berdintasuneko zuzendariak. “Genero-aniztasunarekin enpresak irabazten du, gizonek eta emakumeek irabazten dute, eta beraz, gizarteak irabazten du”, gehitu zuen. Esparru honetan bertan, Foru Arau proiektuak jaso du beste neurri aipagarri bat ere. Langileek erosiko duten enpresan epe jakin bat egin behar dute lanean kenkariak aplikatu ahal izateko eta, denbora tarte hau zenbatzerako orduan, senideen zaintza dela eta borondatezko eszedentziak ere kontuan hartuko dira. Elgarrestak azaldu duenez, eszedentzia hauek hartzen dituzten langileen %94 emakumezkoak dira eta, kenkariei dagokionez, neurriak ezberdintasun egoera hori ezereztea du jomuga
Bazkide bihurtu zaitez!
ASPEGIko bazkide izatearen onurak.
Erakunde kolaboratzaileak
Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika.
You have declined cookies. This decision can be reversed.
You have allowed cookies to be placed on your computer. This decision can be reversed.
Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika.