ZÜR studio hiru arkitektek, Leire, Nahikari eta Isaurak, sortutako arkitektura estudio bat da, Tolosan finkatua. Estudioaren helburua eraikuntza jasangarria gauzatzea da eta horregatik eraberritzeetan, birgaitzeetan eta zurezko eraikuntzan espezializatuta gaude.
Eraikuntza jasangarria esaten duzuenean, zeri buruz ari zarete?
Eraikuntzari buruz ari garenean, benetan jasangarriena zuzenean ezer ez eraikitzea litzateke, izan ere, eraikuntzaren sektoreak planetako baliabide naturalen %50 kontsumitzearen erruduna da. Ez eraikitze hori ezinezkoa denez, erantzunik egokiena eraikinen birgaitze eta eraberritzea dela uste dugu. Bai eraberritze eta bai eraikuntza berrietan, garrantzitsua da honek ingurugiroan sortuko duen inpaktua kontuan izatea. Horregatik estudioan zurezko eraikuntzaren alde egin dugu apustu, dagoen eraikuntza-materialik jasangarriena delako.
Zein motatako lanak egiten dituzue?
Egia esan eskala oso desberdineko proiektuekin egiten dugu lan. Oraintxe bertan eskuartean ditugu Anoeta herriko plaza irisgarria izateko proiektua eta baita partikular batentzako egur birziklatuarekin egindako mahai baten diseinua ere. Bezero bakoitzaren beharren araberako proiektuak egiten ditugu. Eraikinen birgaitzea maite dugu, eta zortedunak gara etxebizitza berritze asko egiteko aukera daukagulako. Sare sozialei esker, jendeak gure lanaren berri izan du eta etxebizitza berritze proiektu mordoa sartzen ari zaigu estudioan. Zurezko eraikuntza proiektu batzuk ere baditugu etorkizunean gauzatuko direnak, bai berritze eta baita obra berrikoak ere. Oso pozik gaude Euskal Herrian kontzientzia ekologikoa handituz doalako.
Zer zerbitzu eskaintzen duzue ZÜR studion?
Proiektu pertsonalizatuak egiten ditugu, bezero bakoitzaren araberakoak. Etxebizitza berritzeen kasuan denok antzekoak garela uste arren, bakoitzak gure behar eta ametsak dauzkagu. Gure lana, horiek identifikatu eta erantzun konkretuak ematea izaten da. Estudioan hiru dimentsiotan egiten dugunez lan, proiektatutako espazioen irudiak egiten ditugu. Bezeroentzat oso erraza da irudi errealista hauekin proposatzen dieguna ulertzea eta erabaki guztiak obra hasi baina lehenago hartzen dira, obra askoz hobe joaten delarik.
Nola sortu zen ZÜR studio?
ZÜR studio arkitektura estudioa autonomo izateak dakarzkin zailtasunei esker sortu zen. 2019 urteko udaran, momentuan bere kontura lanean zebilen Leirek, besteoi gure helburu profesionalei buruz galdetu zigun, gure indarrak batu eta estudio bat sortzeko proposamena eginez. Nahikarik, arkitekta autonoma moduan lanean zebilenak, berehala baiezkoa eman zion Leireri eta Isaurak, arkitekta moduan lanean Madrilen zebilenak, bertako lana utzi eta Tolosara bueltatu zen abentura honi ekiteko.
Nola ezagutu zenuten elkar?
Hiruok Tolosako ikastola berean ikasi genuen eta geroago unibertsitatean lagunak egin ginen, naiz eta kurtso desberdinetan egon. ZÜR studio aurretik leku desberdinetan edo bakarrik egin izan dugu lan. Hiruok ados gaude egunerokotasunean lanpostuan giro ona edukitzea dela garrantzitsuena eta alde horretatik ezin gara zoriontsuagoak izan.
Ikasketa berberak egin zenituzten hiruek?
Ez ez, hiruok bide desberdinetatik jo dugu, gure interesen eta izan ditugun aukeren arabera. Arkitektura ikasi genuen hiruok Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, baina ondoren egin ditugun master eta kurtsoek gure formakuntza osatu dute. Leirek arkitektura ikasketen ondoren bi master egin zituen EHUn ere: Eraikitako ondarearen eta eraikinen birgaitze, zaharberritze eta kudeaketa masterra; ta Zurezko egitura, eraikuntza eta diseinuko masterra. Nahikarik arkitektura ikasi baina lehenago, barne diseinuko goi mailako ziklo tekniko bat egin zuen Kunsthal-en. Ikasketak amaitutakoan hirigintza arloan ibili zen lanean eta 2019an Passivhaus Institutoan zertifikatu zen. Isaurak arkitektura amaitu zuenean Revit BIM masterra egin zuen Madrilen eta bertan, Passivhaus eta zurezko eraikuntzarekin lan egiten zuen estudio batean ibili zen lanean. Bertan Passivhaus Institutoan zertifikatu zen ere. Hartu genituen bide desberdinek arkitekta bezala osatu gaituzte eta ondorioz ZÜR studio arkitektura estudio multidisziplinarra sortu ahal izan dugu.
Hiru emakume estudioa zuzentzen, zer pentsatzen duzue emakumeak ondo konpontzen ez direla dioen estereotipoari buruz?
Guztiz faltsua dela. Asko errespetatzen ditugu hiruok hiruon iritzi eta ideiak eta arkitekto moduan elkar miresten dugu. Emakumeok, gure ustez enpatia handiagoa dugu, eta erabakiak hartu behar ditugunean, egoak errazago uzten ditugu alde batera. Hiru izateak ere laguntzen du erabakiak hartzen, bozketek beti ematen dute eta erantzuna.
Zer suposatu du zuentzat estudioa osasun-krisiaren erdian irekitzeak?
Hasiera batean beldurtu egin ginen ekonomikoki perspektiba oso txarrak ematen baitzeuden, baina guztiz kontrakoa pasa zaigu. Konfinamentuak jendearen buruetan eragin handia izan zuen, euren etxebizitzak kritikoki analizatu zituzten eta aldaketak behar zituztela konturatu ziren. Etxebizitza eraberritze proiektu asko sartu zitzaizkigun bat batean eta lanez gainezka ibili gara. Alde horretatik oso pozik gaude, naiz eta estudio berria izan, jendeak guregan sinistu duelako eta erantzunak oso onak izan dira.
Zer helburu edo proiektu dituzue etorkizunera begira?
ZÜR studion arkitektura, eraikuntza eta hirigintza ikuspegi jasangarri eta feminista batetik bideratzen jarraituko dugu, horretarako egungo teknologia erabiliz. Eraikuntza jasangarria birgaitzean eta material naturalen erabileran oinarrituko da, kontsumo ia nuluko eraikinak sortzea helburu. Hirigintzako proiektuak, orain arte bezala, herritarren parte-hartzetik bideratuko ditugu, espazio mistoak, irisgarriak, seguruak eta adierazgarriak diseinatuz. Mila esker gure bezeroei gugan konfiantza izateagatik eta baita Emekinei ere, gure proiektua ekiten laguntzeagatik.
Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika.
You have declined cookies. This decision can be reversed.
You have allowed cookies to be placed on your computer. This decision can be reversed.
Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika.